XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ezin da Euskadirentzat etorkizuneko proiektua asmatu Europari lotu gabe

Jose Antonio Ardanza EAEko lehendakariaren bidaiaren muina eta nekeak arlo ekonomikora begira, hau da, enpresariei bidea irekitzeko bideratua izan arren, beste zereginak ere baditu, adibidez, mexicarrei Europako barne prozesuen berri ematea.

Colegio de Mexico izeneko giza zientzietako institutuan, Europaren horizonte berria izenburuko hitzaldia eskaini zuen asteartean: Europaren Batasun Politikoaren prozesuari buruzko ikuspegia azaldu zuen Jose Antonio Ardanzak mundu ekonomikoarekin loturarik ez duen entzulegoaren aurrean.

Europak, Batasun Ekonomikoaren prozesuan izan ditun zailtasunak eta eman dituen pausuak laburbildu ondoren, aldaketa horiek botere politikoaren banaketan izan duten eragina azaltzen saiatu zen eta bide batez EAEren kasua ere bai.

Europa nire herriarentzat lehen mailako erreferentea da.

Ezinezkoa da Euskadirako etorkizunerako proiekturik asmatu Europari eta bere bilakaerari lotu gabe, adierazi zuen Jose Antonio Ardanzak bere hitzaldiaren amaieran Europa beharrezko espazioa da Euskadirentzat, garapen, elkartruke eta elkarbizitzarako espazioa, gaineratu zuen.

Etorkizuneko Europari buruzko planteamenduak honela laburbildu zion entzulego mexicarrari: Europa federala demokratikoa eta bere nazionaliteek legimitatuta.

Etorkizuneko Europaren botere politikoaren banaketa berria merkatu batuaren prozesuan emandako pausuak Estatuaren kontzeptu klasikoari ekarri dioten krisiarekin lotuta dago, Ardanzaren ustez.

Europako Batasunak ondorioak dakarkizkio Estatuen baitako botere politikoaren banaketari, azpimarratu zuen Ardanzak.

Halaber, erregionalizazio prozesu sakonek onarpena jaso dute baita gotorleku zentralista frantziarrenean ere; Europan, ente azpiestatalen agerraldi indartsua egiaztatu ahal izan da, gaineratu zuen.

Maastricht-eko Hitzarmenak ente horiek nolabait onartu dituela uste du Jose Antonio Ardanzak, baina hori ez da nahikoa.

Estatu batu eta zentralistaren eredua oro har kolokan badago, areago, Ardanzaren ustez, bere baitan nazionalitateak biltzen dituzten erregioetan.

Baieztapen hori egin arren, bere diskurtsoa ez zuen nazio arazoaren parametroetan kokatu.

Jose Antonio Ardanzaren hitzetan, nortasunezko erregioa (erregio administratibotik bereizteko) lurralde baten kudeaketari lotu behar zaio.

Estatu-erregioak lurralde-sistema soziala binomioa kudeatzeko beharrezko formula bihurtzen dira baieztatu zuen.

Jose Antonio Ardanza lehendakariaren egonaldia ikusmina piztu du Mexicoko komunikabideen artean eta horren adibidea Colegio De Mexico Ikerketa Institutuan eman zuen hitzaldia bera izan zen.